EUSKARA ETA KULTURARTEKOTASUNA AZPEITIAN
Atzo, irailaren 6a, Euskara eta kulturartekotasuna Azpeitian egitasmoaren aurkezpena izan genuen. Ekimen hau martxan jarri da herriko heziguneetan, Uemak eta Huhezik sustatuta eta Azpeitiko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Egitasmoaren helburua zehatza da: euskara komunikatzeko tresna gisa indartzea, eta euskaraz ez dakiten herrikideei komunikazioa errazteko erremintak eskaintzea, modu horretan, haien partehartzea sustatzeko.
Karmelo Etxegarai Ikastolako klaustrokideek ilusioz hartu dute proiektua eta dagoeneko egin dute egitasmo honen inguruko markoaren formakuntza. Datorren astean izango dute bigarrena, non bertan formatoa azalduko delarik.
Familientzako formakuntza ere izango da; Urriaren 3an, Perdillegi eraikineko mugi gelan arratsaldeko seiretan (aurrerago bidaliko zaizue deialdia) ekimen honen inguruko azalpena entzuteko aukera izango duzue.
Esperientzia bizia bezain polita izango da eta gogotsu ekingo diogu bidea elkarrekin egiteari!