UHAITZA TALDEA, "ARNASETIK" LEHIAKETAKO IRABAZLE

Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko UHAITZA taldea "Arnsasetik" Lehiaketako irabazle izan da beraien kategorian.

Baina zer da "Arnasetik" lehiaketa? UEMAK, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak bultzatutako Arnasa Gara ekimenaren barruan antolaturiko lehiaketa izan da. Arnasa Gara 2019an abiatu zuten elkarlanean UEMAK, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, euskararen arnasgunean hizkuntzaren bizitasunerako duten garrantzia jendarteratzeko.

Lehiaketa honen bidez bi helburu lortu nahi izan dira: arnasguneetako gaztetxoen euskarazko sormena lantzea eta arnasguneetako nerabeei hizkuntza-ohituren inguruan gogoeta eragitea.

Uhaitza tadea Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. ikasmailetako ikasleen kategorian izan da irabazle. Ikasleek landu beharreko gaia honakoa zen: etorkizun hurbilean, LHtik DBHra eraman beharreko jauzian, aurkituko dituzten egoera berriak islatzea, formatu librean (bertso, poema, bideo...). Ikastolan, euskara arloan, hirugarren zikloko ikasle guztiekin  egin da lanketa: bertso, marrazki, ipuin eta antzerki bidez. Ez da izan Uhaitzaren lana bakarrik lehiaketara aurkeztu dena, ikastolako beste hiru bideo ere ikusgai egon dira sarean baina azkenean esan bezala, Uhaitza finalera sailkatu zen eta ostiralean, sari banaketa egunean irabazle suertatu. 

500 euroko saria lortu dute eta sari hori trukean erabili ahal izango dute Irrisarri Land-eko sarreretan, Durangoko Azokako denda birtualean edota EITB-ko Goazen eta Irabazi arte telesailen merchandising-ean. Saria guztien artean banatuko da.

Hemen duzue BIDEOA ikusgai. Zorionak parte hartzaile guztiei!